AUZOKO BEHARRAK

2018 Auzo Batzarra

Apirilak 12, osteguna, 19:00tan, eliz azpiko lokalean

Bertaratuak:

Zamalbide-Bentak Auzo Elkarteko kideak: Iker Irastorza, Igor Lizeaga eta Leire Mazizior.
Errenteriako udaletxetik: Iñaki Azkarate (ingurugiroko teknikaria), Gema Martin (Izadi 21, hondakinen kudeaketa), Jon Txasko (trafikoko arduraduna), Eñaut Garcia (parte-hartzeko arduraduna), Bernar Lemos (hirigintzako zinegotzia) eta Julen Mendoza (Alkatea).
Auzoko bizilagunak: 30 bat.

Landu diren gaiak:

  • Hondakin bilketa sistema berria.
  • Aurreko Auzo Batzarrean egindako eskaeren egoeraren balantzea.
  • Eskaera berriak.

HONDAKIN BILKETA SISTEMA BERRIA

Landagunean, hondakinak biltzeko edukiontziak etxoletan sartuko dira. Etxola hauei ekarpen-guneak esaten zaie.
Zamalbide inguruan 5 ekarpen-gune jarriko dira: Zentolen berri, San Markos-Masti Loidi, Zamalbide, Perurena (Astigarragan) eta Oiartzun-zerradi (Oiartzunen).

Etxola hauetara sartzeko txartela behar da. Bizilagunei postaz iritxiko zaie txartel hau, eta baita zakarra nola sailkatzen den azaltzen duen eskuliburua.

Etxoletan konpostarentzat edukiontziak egongo dira eta hauetan zaborra botatzeko poltsa organiko batzuk erabili behar dira. Poltsa hauek herriko puntu ezberdinetan jaso daitezke doan txartela erabiliz.

Etxean konpostadora jarriz gero, hondakinen tasan %30eko hobaria izango dugu. Tasa hauek datorren urtetik aurrera hasiko dira kobratzen.

Traste handiak, altzariak eta abarren bilketa oraindik ez dakite nola egingo den. Hausnarketa prozesuan dago.

Ekarpen-gune hauek martxan jartzen diren momentuan Behemendik landagunean dituen edukiontzi borobil soterratu horiek kenduko dira, baita beste zonalde honetan dauden beste hainbat edukiontzi ere: guztiek erabili beharko ditugu ekarpen-guneak.

Eraikin batean bi etxebizitza baldin badaude adibidez, hau da, bi kontribuzio ordaintzen baldin badituzte, bi txartel banatuko dira eta bi tasa ordainduko dituzte.

AURREKO AUZO BATZARRAREN BALANTZEA

  1. Auzoko eskaera: Intzinartetik Perurenako herri bidea moztuta dago, oinez segurtasunez joateko aukera bakarra zen.
    Udala: MURIAS enpresak betelanak egiteko baimena eskatu zuenean, lanak bukatzean bide bat egiteko eskatu zitzaion. Terreno horiek Aldundiarenak dira eta udalak ez du eskuhartzerik.
  2. Eskaera: Tolare-Berri eskolaren erabiltzaileek gaizki aparkatzen dute, bizilagunaren terrenoak erabiliz ala kotxeen joan-etorriak oztopatuz.
    Udala: Lokal hori ez da egokia ematen ari zaion erabilpenerako eta hoberena aktibitate hori lekuz aldatzea litzateke.
  3. Eskaera: Tolare-Berriko errepide ondoan dagoen ispilua badira bi urte hautsita dagoela eta ez dute konpontzen.
    Udala: konponduko da eta seinaletika ipini ere.
  4. Eskaera: oinezkoentzako Sagardiburu eta Zentolenen artean falta den espaloia jartzea.
    Udala: Aldundiarena da errepide hori baina saiatuko dira baimena lortzen, beharra dagoela nabarmena da eta. Aldundiak errepide komarkaletan ez du espaloirik jartzen eta hau horrela denez zailtasunak izan ditzakete.
  5. Eskaera: autobusak batzuetan ez ditu geltokiak errespetatzen, hauetan ez du geldialdia egiten eta.
    Udala: erreklamazio hau egina dago eta arazoak jarraitzen duenez, zein egun eta ze ordutan gertatzen diren akats hauek jasotzea ongi legoke, erreklamazioak zehatzagoak izateko.
  6. Eskaera: Teknikako maldatik gora, kamioiak nahastuta igo eta ezin buelta eman gelditzen dira. Seinale bat jarri beharko litzateke.
    Udala: aztertuko dute.
  7. Eskaera: Donostiako Bigarren Saihesbideak auzoan sortzen duen zarataren arazoa.
    Udala: herriko zarataren mapa egin da Donostiako Bigarren Saihesbideak auzoan sortzen duen zarataren arazoa agertuz. Niko Diputaziora joan da eta bertan ebaluazio akustikoa egiten ari dira. Amaitzen dutenean publikatu egingo da eta orduan udalak eta bizilagunak alegazioak aurkeztu ahalko ditugu. Udalak abisatuko digu hau geratzen denean eta jarraitu beharreko pausuak azaldu.
  8. Eskaera: auzoko hainbat baserri ur sarerik gabe daude. Gaur egun bizilagun hauek “Urak”era joan behar dira baimena eskatzera, papeleo guztia burutu (ez dela gutxi), eta instalazioa pagatu. Gainera ura ordaindu beharko dutelaren zurrumurruak dabiltza…
    Udala: egoera hau aztertzen egon dira baina oraingoz ez da ur-sarea jartzeko konponbiderik aurre-ikusten. Udaletxeak Añarberekin hitz egingo du ea ura jasotzeko gaur egungo prozesua arindu daitekeen eta batez ere, ur-sarerik iristen ez den baserriei kuotarik ez pasatzeko aukeraz hitz egingo dute.
  9. Eskaera: TAOn Pontikako aparkalekuaz agin beste nonbait aparkatzeko aukera izango dugu?
    Udala: ez, Pontikako gune horretan bakarrik aparkatu ahal izango da. Gune honetan aparkaleku soterratu bat egingo da, solairu batean alokairuko plazak egongo dira eta bigarren solairuan TAOko aparkalekuak. Azken hauek erabiltzen jarraitu ahal izango dugu TAO txartela ateraz gero.

ESKAERA BERRIAK

  1. Eskaera: Aldura gunean, alerta egoeran gaudenean behintzat, traktorearekin gatza botatzea eskatzen da. Oiartzunen hala egiten da.
    Udala: gatza banatzen da, baina baserriz-baserri basozainak banatzea aztertuko dute. Traktorearena ere aukera bat da, garbiketa zerbitzuetan inbertsioak egiteko aukera dute eta. Aztertuko da.
  2. Eskaera: Perurenatik Frantsilla aldera ez dago espaloirik eta ez argirik tarte batean. Arriskutsua da eta argia behintzat jartzea eskatzen da, kotxeak abiadura handian ibiltzen dira eta.
    Udala: ados, begiratuko dute.
  3. Eskaera: Sagardiburu kaskuan autobus geltokia dago baina markesinarik ez. Ba al dago jartzerik? Eta zebrabide bat ere ez legoke gaizki.
    Udala: Urtez-urte jartzen ari dira beraz, apuntatuko dute.
  4. Eskaera: Sagardiburuko sarrera oso zabala da eta ez dago badenik abiadura gutxitzeko. Jarri al daiteke mediana bat sarrera-irteerak hobe zuzentzeko eta abiadura gutxitzeko?
    Udala: begiratuko dute.
  5. Galdera: Aitzbitarteko kobak irekiko al dituzte.
    Udala: EZ. Aurkikuntza garrantzitsuak egin dituzte eta ondorioz itxi egin da. Pentsatzen ari dira nola antolatu bisita gidatuak. Sarrera ordainduta izango da. Proiektua egiten ari dira, interpretazio zentro baten antzeko zerbait izango da. Herrira turismoa erakartzeko gune garrantzitsua izango da.
  6. Eskaera: Eliz aurreko aparkalekua txukunduko al da, urteak daramatzagu eskatzen.
    Udala: Teknikariak arazoak daudela dio, berriz ere, errepidea Aldundiarena delako. Baina saiatuko dira baimena lortzen, autobusaren buelta bertan egiteko baimena eman zutenez aukerak ikusten baitituzte. Onartzen dute konpondu beharra dagoela.

Ondoren, txartelen bitartez, hainbat eskaera pertsonal burutu dira.

21:30tan bilera bukatutzat eman da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude